2007/01/01

ALLARTE 2006 | urteko balantzea

Aurtengo udan Ondarroan zehar zabaldu genituen isurketen arazoaren inguruko galdetegietan jendeak idatzitakoa aztertzen genbiltzala jaso genuen berria Hitza bidez: Jaurlaritza Mijoako saneamenduaz arduratuko da (HITZA, 2006-9-28).

Dudarik gabe, urte luzeetan isurketak salatu eta aurreko urtean euren sinadura eman zuten 1500 pertsonen garaipena da hau. Eguzkikook sinadura horiek udaletara, Diputazioetara eta Jaurlaritzara bidali baikenituen. Ondorioz, Jaurlaritzak atentzioa deitu zion Mutrikuko udalari eta hau mugitzen hasi zen. Horren emaitza dugu orain Jaurlaritzak hartu duen erabakia. Zorionak, beraz, isurketen kontra sinatu zenuten guztioi.

Baina arazoa ez da hemen amaitzen, inondik inora. Batetik, gure ibai eta hondartzetako urak zikin jarraitzen dutelako. Duela bi uda goizero hondartzetan agertzen ziren zaborrak neurtu genituen: harrituta geratu ginen Saturraranen agertzen zen olio solidifikatu piloarekin. Aurtengo abuztuan uren zikintasun maila neurtzen ibili gara hondartzetako uretan: hiru egunetik behin, gutxienez, ura zikin edo oso zikin agertu da. Jendeak galdetegietan emandako erantzunetan, argi geratzen da hau: erantzun zuten 108 pertsonetatik Saturraranen uren kalitatea erdipurdikoa (%14,54), txarra (%23,63) edo oso txarra (%56,36) dela eta Arrigorrin erdipurdikoa (%21,81), txarra (%36,36) edo oso txarra (%23,63) uste dute gehienek (besteek –gutxiengoak- ontzat ematen dute uren kalitatea), eta azken urtean kalitatea txatu (%63,63) edo berdin mantendu dela (%30,90). %3,63arentzat bakarrik hobetu da uren kalitatea.

Gainera, irailean egin zituen egun euritsuetan enpresa batzuek euren zikinak Artibai ibaira bota zituzten. Hauetako batzuk harrapatu ere egin genituen, eta salaketa jarri genien. Isurketa hauen aurrean Hitzak azaldu zuen jarrera ere bikaina izan zen: jendearen salaketak bere egin zituen (HITZA, 2006-10-14), ezinegonak bere orrietara eramanez. Lortu ere lortu du kontserba fabrika batek Kamiñazpin zituen saneamentu instalazio eskasen konponketa ahalbidetzea. Bestalde, Ondarroako portuan ere gauzak “zikin” jarraitzen dute, eta bertako arduraduna jarrera inmobilistan dago. Portu horretan ez dago kontrolik, kamarak jendea kontrolatzeko daude, baina ez bertako kideen irregulartasun larriak jazartzeko. Euren portuan loturik dauden txalupak zaintzeko ere ez dira gai, hauetakoren batek Saturraranen ere amaitu baitu! Eta ez da barre egitekoa. Itsaso zakarra Saturraranen bertan txalopa txikitzen ari da, lehen ere zikina zegoen ura gehiago zikinduz. Larriagoa izan zitekeen, itsasontziak gasoil deposituak beteak baitzituen.


Aurtengo udan aldaketarik zegoen ala ez ikusten aritu gara. Batzuk mugitu dira, baina beste batzuk eurenean jarraitzen dute. Oraindik negua daukagu aurretik, eta gauzak hobetzeko ahalegina egin dezakegu. Baina datorren udan gure ibai, portu eta hondartzetako urek berdin jarraitzen badute mobilizazioei ekingo diegu berriro. Jendeak, galdetegietan, hainbat ideia eman baitizkigu.

Labels: , , , , , ,

0 Comments:

Post a Comment

<< Home