2006/07/21

Ondarroako portua | 2006ko uda

Egoera:
Portuan eskumenak banatuta daude. Jaurlaritzaren ordezkari den portuko agintariak moilak garbitu eta txukun garbitzeko eskumena dauka soilik. Uren kalitatearen ardura Gobernu Espainiarraren Itsas Kapitaniaren esku dago. Sarritan, egoeraren errua elkarri egotziz, pilota bata besteari pasatuz ibiltzen dira.

Gasolioa gestionatzen duen enpresak oso material txarra eta zaharra erabiltzen du. Olioa edota gasolioa itsasontzietan sartzerakoan erregaiak gainez egin arte itxaroten dute, eta kopuru bat itsasora isurtzen da. Behin tankeak beteta mangerak atera eta lurrean uzten dituztenean, hauetan geratzen den erregaia ere itsasora isurtzen da. Era berean, txalopek baimenik eskatu gabe garbitzen dute euren kubierta edota makinaria.

Kakalekuan estolderietako ur zikin gehiena isurtzen da. Bertako ur zikina aprobetxatuz, portuko bodega askok ere bertara botatzen dituzte euren hondakin organikoak (arrain hezurdurak-eta).

Itsasontzien desguazea ere isurketa gune garrantzitsua da. Bertan sortzen diren hondakin asko itsasora doaz zuzenean, ez baitago desguazea itxita mantentzen duen ezelako mekanismorik.

Erakunde biek ala biek egoera berdin bat salatzen dute: ez daukatela bitartekorik (ez dagoela dirulaguntzarik) materialak berritu eta teknologia berriak ekartzeko. Portuko eragile desberdinek batzar bat egitea lortu genuen, eta batzar horietatik irtenbideren bat edo beste atera zen.

Irtenbideak:
Komandantziak itsas ontziei euren olio eta gasolio poteen kopuruaren araberako justifikanteak banatzeko asmoa erakutsi du, horrela erregai hauen gaineko kontrola eramateko. Eusko Jaurlaritzak ere dirulaguntzak eman ditu portua garbitzeko.

Eraikitzen ari diren depuradora berriak ere Kakalekuko estolderietako uren isurketak konponduko ditu. Ez ordea bodegetako zikin organikoen arazoa.

Ekintza hauek interesgarriak badira ere, ez dugu uste isurketen arazoa guztiz konponduko dutenik.

Batetik, desguazearen inguruan ur zikina jasoko duten mekanismoak ezarri behar dira, igerileku antzekoak edo sortuz. Beste herri askotan badaude halako konponbideak.

Bestalde, kutsadura sor dezaketen jardueren kontrola ere areagotu egin behar da. Portua kameraz josia dagoela jakin badakigu, eta hauek duten zoomak aukera handiak ematen ditu isurketak non eta nola burutzen diren jakiteko. Kamara hauek kontrol sozialerako erabili ordez bestelako funtzio sozialetarako erabili beharko genituzke.

Era berean, txalopetan erregaia sartzeko eta hauetan garbiketak egiteko baimen eskaera sistematizatu behar da. Jaurlaritzak portuan dituen zaintzaileen kontrolpean burutu behar dira jarduerok.

Bestelako erabakirik hartu aurretik, kontzientziazioa bultzatu eta abisuak ematea hobesten dugu. Hala ere, behin eta berriro, eta abisu bat baino gehiago jaso ondoren, isurketak burutzen jarraitzen duenari isun altuak ipini beharko zaizkio, bere ekintzak osasun publikoaren eta ingurumenaren kontrako ekintzak baitira.

Portuko material eta makinaria berritzeko dirulaguntzak ere exijitu behar ditugu. Ulergaitza zaigu agintariak euskal kostaldea superportu berriz josten egotea, dirutzak gastatuz, eta jada dauzkagun portuak hobetu eta egokitzeko dirurik ez egotea.













1 Comments:

Anonymous Anonymous said...

Zeozeattik deittu ixangako beti tingloi-atziai, Ondarrun, "kaka-leku"...

5:08 pm  

Post a Comment

<< Home