2006/07/20

Artibai ibaia | 2006ko uda

Egoera:
Jaurlaritzak egindako ikerketen arabera, Artibai ibaia da Arrigorri hondartzako kutsaduraren eragile nagusia (portua baino gehiago). Kutsadura honen arrazoiak anitzak dira. Batetik, etxeetako ur zikinak errekara botatzen dira, ibaiaren puntu desberdinetan. Etxeetako urek sortzen duten kutsadura aprobetxatuz, hainbat enpresak euren ur zikinak ere errekara botatzen dituzte, ahalik eta disimulurik handienarekin. Zenbaitetan, ordea, ehunka arrain hilda agertzen badira, enpresaren batek bere isurketak ondo kalkulatu ez dituelako da. Ez da kasualitatea euria egin eta ibaia hazita datorrenean ibaia normalean baino kutsatuago etortzea: ur nahasietan isurketak gutxiago igartzen direla ondo dakite askok. Kasu alarmagarriagorik ere ezagutzen dugu: Artibai ibaia zein zikina egoten den jakinda, Lea ibarretik gure ibaira bere ur zikinak isurtzera etorri den enpresarik ere ba omen da.

Enpresa hauetako askori isunak ezarri zaizkie, eta penalizazio hauen ondorioz enpresa batzuetan kontrol “ekologikoa” areagotu egin dute. Hala ere, isurketek jarraitu egiten dute, eta oso zaila da hauen egilea zein enpresa den jakitea: langile asko isilik egotera behartuta daude, enpresak esan baitie isurketen kontrako neurriak hartzeak euren soldatetan “eragina” izango duela. Normala eta ulergarria da askok beste alde batetara begiratzea.

Beste puntu beltzik ere bada ibaian zehar. Adibidez, Astilleruko kirol portuko arlanpa. Desguazean gertatzen den modura, hemen ere ez dago kontrolik, eta txalupak garbitu edo margotzerakoan hondakin asko ibaira joaten dira.

Irtenbideak:
Etxeetako ur zikinen kasuan, depuradorak hauek desagerraraziko dituela pentsatzen dugu. Ibaia garbiagoa egonda, enpresek ere euren isurketak gehiago kontrolatuko dituztela uste dugu, ez baitzaie hain erraza egingo euren delitua disimulatzea. Hala ere, isurketek jarraitzen duten ala ez jakiteko, kontrol zorrotzagoa eskatzen dugu. Era berean, enpresak euren hondakinak kudeatzeko inbertsioak egitera bultzatu behar dira. Eta, beste kasuetan bezala, abisuak eman ondoren egoerak berdin jarraitzen badu, azken erremedioa penalizazioa litzateke. Isunen kasuan, eta baita inbertsioenean ere, langileen soldatek kalterik izan ez dezaten bermatu behar da.

Kirol Portuko arlanparen kasuan ere kontrola zorroztea da irtenbidea. Kirol Portuan badaude zaintza lanak egiten dituzten “seguratak”. Hauei, portu txikiko jabetzak zaintzen dituzten bitartean, ez zaie ezer kostatzen arlanpan egiten dena ere zaintzea.


0 Comments:

Post a Comment

<< Home